Noticias desde el triforio – octubre 2013

Aiztogile kaleko 93. zenbakiko eraikina zaharberritzeko lanak amaitu dira. Eraikin horretan Katedralari buruzko dokumentazio historikoa eta teknikoa bilduko da; gaur egun, hainbat tokitan barreiatuta dagoena.

Aurreko zenbakietan azaldu dugun moduan, lanen xedea lehendik zeuden elementuak mantentzea edo erreproduzitzea (mimetismorik gabe) zen, nahiz eta eraikuntza-lanek iraun duten bitartean, uneoro ebaluatu behar izan den elementuen balio historikoa eta gaur egungo behar funtzionalak betetzeko gaitasuna duten. Orain, zaharberritzea amaitu ostean, prozesuari buruzko balorazioa egin dezakegu.

Horrela, kanpoaldeko eta alboetako fatxadak osorik mantendu dira, ez da eraikuntza ukitu eta gainazaleko akaberak soilik berritu dira; zurezko armazoia ez usteltzeko babestu da eta puntu ahulak saneatu dira; barnealdeko egitura-elementuen erdia berreskuratu ahal izan da, gutxi gorabehera, batzuk indartu egin dira baina jatorrizko funtzioari eutsi diote; fatxada nagusiaren arotzeria eta sarrailak garbitu eta saneatu dira eta patiora ematen duen atzealdekoak erreproduzitu dira (hondar batzuk besterik ez baitziren gelditzen); estalkia oso-osorik aldatu da, egituratik hasi (lehendik zegoena ezin zen berreskuratu) eta teilaturaino, teila zaharrak eta berriak konbinatu dira iragazgaiztasun on bat lortu, mantentzea erraztu eta, era berean, multzoaren antzinako itxura gordetzen laguntzeko; barnealdean, zoruetako oholeria erabat ordeztu da, jatorrizkoa ezinezkoa baitzen berreskuratzea.

Elementu berriak material iraunkorrekoak dira, hala habeak, tronadurak eta haritz-egurrezko arotzeriak, nola egur birziklatuzko txirbilezko bero-isolamenduak. Ahal den heinean, Katedraletik ateratako elementuak aprobetxatu dira, batez ere, bi habe serie. Serietako bat duela sei urte elizpeko itxituretatik kendutakoa eta bestea transeptuaren barnealdean aldi baterako jarritako zoru gisa erabilitakoa.

Azkenik, gune hori altzariz betetzea eta argiztatzea besterik ez zaigu falta (dagoeneko horretan ari gara), dokumentuak jasotzeko. Ea laster amaitzen dugun.